Enpresek eta administrazioek Vicomtech-ek garatutako adimen artifizialaren eta hizkuntza-teknologien aplikazio-kasuak azaltzen dituzte

20.11.2021

Azaroaren 17an, asteazkena, “Adimen Artifiziala eta Hizkuntzaren Teknologiak: elkarrekintza, eraginkortasuna eta automatizazioa hobetzeko irtenbideak” jardunaldia egin zen Bilbon. Ekitaldian, hainbat enpresa eta administrazioetako ordezkariek teknologia horiek beren produktu eta prozesuetan duten eragina azaldu zuten. Vicomtech-eko ikertzaileek adibideak osatu zituzten zentroan garatzen diren eta Adimen Artifizialaren aplikazioa oinarri duten teknologiak azalduz.

Batez ere zuzendariek, arduradun teknikoek, berrikuntzakoek eta inguruko administrazioetako pertsonek hartu zuten parte jardunaldian, eta bertatik bertara ezagutu zituzten teknologia horiek eskaintzen dituzten aukerak eta beren prozesu eta produktuetan inplementatzeko aukerak.

Jardunaldia Xabier Otxandianok ireki zuen, Bilboko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko zinegotziak, eta programarekin jarraitu zuen Vicomtech-eko zuzendari nagusi Julian Florez-ek, zeinek zentroaren eta bertan garatzen diren teknologien aurkezpena egin zuen. Ondoren, Arantza Del Pozok, Ahotsaren eta Lengoaia Naturalaren Prozesamendurako Teknologien Saileko zuzendariak, hainbat sektoreri aplikatutako ildo teknologikoak azaldu zituen. Jarraian, jardunaldiaren zati nagusia hasi zen, enpresetan eta administrazioetan aplikatu diren kasuekin.

Ekitaldian parte hartu zuten Vicomtech-eko Thierry Etchegoyhen, Aitor Álvarez, Manex Serras eta Montse Cuadros ikertzaileek, eta kanpoko hizlariekin koordinatu ziren, garatutako teknologien aplikazioaren adibideen aurkezpen praktikoak egiteko.

Oscar Guadillak, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteko (EJIE) Berrikuntza eta Aholkularitza Arduradunak Itzuli Itzulpen Automatikoaren kasuaren azalpenean parte hartu zuen, Adimen Artifizialean oinarritutako itzultzaile neuronala herritarren eskura jartzearen xehetasunak azaldu, eta zerbitzu hori erabiltzeak izan duen eragina adierazi zuen. Larraitz Egurenek, EITBko eduki-prozesuen koordinatzaile teknikoak, Azpititulaketa Automatiko elebidunaren adibidea azaldu zien entzuleei. Blanca Romerok, Natural Voxeko zuzendari ondokoak, bestalde, garatutako zerbitzu berria azaldu zuen, ahots bidezko segurtasun biometrikoaren eta iruzurraren aurkako soluzioa hain zuzen.

Ekitaldiaren egitarauak entzuleen interesa piztu zuten beste hiru kasurekin jarraitu zuen, hala nola Caser Residencial enpresaren egoitzetan integratutako sistema berriarekin. Sistema horren bidez, ahots-bidezko informazioaren erregistroa elkarrizketa sistemen bitartez egiten da. Iñaki Tellería Caser Residencial Betharrameko URTMS Koordinatzaileak  azaldu zuen Kasua. Horrek bide eman zion BBVA AI Factory aplikazio kasuari, María Hernández eta Jesús María Martín autoreek azalduta: bezeroaren arretarako erabilitako lengoaia naturaleko ereduetan transfer learning aplikazioa. Adibideen blokea Deepfake eta Ahotsaren Klonazioaren erakusketarekin amaitu zen. Toni Garrido esatari, aurkezle eta ekoizle ezagunak Francoren ahotsa XREY podcastean nola sortu zen eta Vicomtech-en teknologiarekin nola lortu zen azaldu zuen.

Jardunaldiari amaiera emateko, galderak eta mahai-ingurua egin ziren, Toni Garridok berak moderatuta.

Bilbao Ekintzaren laguntzarekin antolatutako jardunaldi hau sektore desberdinetako enpresei zuzendutako Adimen Artifizialeko soluzioen aplikazioarekin lotutako 7 jardunaldietako lehena da, Vicomtech-en gaitasunak inguruko enpresei hurbiltzeko eta teknologia eta digitalizazio beharrak bertatik bertara ezagutzeko.

Vicomtech

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea,
Mikeletegi Pasealekua 57,
20009 Donostia / San Sebastián (Espainia)

+(34) 943 309 230

Zorrotzaurreko Erribera 2, Deusto,
48014 Bilbo (Espainia)

close overlay

Jokaeraren araberako publizitateko cookieak beharrezkoak dira eduki hau kargatzeko

Onartu jokaeraren araberako publizitateko cookieak