Berrikuntza Europa eraldatzeko: horrela laguntzen du Vicomtechek
Gaur, maiatzaren 9an, Europako Eguna ospatzen dugu, gure kontinenteak duen bakea, batasuna eta lankidetza aldarrikatzen dituen eguna.

09.05.2025
Europako Eguna urtero maiatzaren 9an ospatzen da, bakearen eta batasunaren balioak azpimarratzeko. Ospakizun historiko honen atzean oinarrizko zutabe bat dago: zientziaren, ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustu irmoa, aurrerapen kolektiboaren motor gisa. Egun sinboliko honetan, integrazio europarraren lorpen politiko eta sozialak gogoratzeaz gain, mundu mailako ezagutza zientifikoan egindako ekarpen bikaina ere aitortzen dugu.
Ospakizun honekin bat eginez, Vicomtechetik Europako aurrerapena bultzatzeko egin dugun ibilbidea partekatu nahi dugu, ikerketa eta berrikuntzaren bidez.
Vicomtechen, ikerketa aplikatua eta garapen teknologikoa lantzen dugu Europako aurrerapenari laguntzeko, bere lidergo digitala eta lehiakortasun globala indartuz. Duela 25 urte hasi ginenetik, Vicomtechek parte hartu du, lankidetzan aritu da eta gidatu ditu Europar Batasunaren Ikerketa eta Berrikuntza Esparru Programako proiektuak, teknologia aurrerapenaren alde aktiboki lan eginez hainbat sektoretan: mugikortasuna, industria aurreratua, energia, ingurumen, segurtasuna edota osasuna, besteak beste.
2021az geroztik, Horizonte Europa programaren baitan, 58 proiektutan parte hartu dugu. Azken urteetan gizartean eragin handiena izan duten proiektu nabarmenen artean daude: AITHENA, LUCIA, AMPLIFY eta RESPONDENT.
Adimen Artifiziala gero eta sektore gehiagotan sartzen ari den testuinguruan, Vicomtechek gidatutako AITHENA proiektuak bermatu nahi du AI sistemak fidagarriak, azalgarriak eta arduratsuak izatea. Vicomtechetik gure ezagutza eskaintzen dugu sistema horiek, orokorrak zein mugikortasunari aplikatuak, etikoak, seguruak, gardentasunez jantziak eta herritarrentzat ulergarriak izan daitezen. Ikuspegi honek herritarren konfiantza indartzen du etorkizuneko garraioan eta mugikortasunean funtsezkoak izango diren teknologia berrietan.
LUCIA proiektuak biriketako minbizia prebenitzeko eta goiz diagnostikatzeko moduak eraldatu nahi ditu, arrisku-faktoreen azterketa aurreratuaren bidez. Vicomtech buru-belarri ari da proiektuan, datu klinikoen integrazioa koordinatuz AI eredu berriak garatzeko. LUCIAk 1.400 pertsona bilduko dituen ikerketa kliniko bat du Bizkaian. Ekimen honek ez du soilik gaixotasunaren ulermen zientifikoa hobetzen, baizik eta bizitzak salbatzen laguntzen du, medikuntza pertsonalizatuago, prebentiboago eta pazientean zentratutako baten bidez.
Vicomtechek lideratutako AMPLIFY proiektuak irtenbide berritzaileak proposatzen ditu, fisikoa eta digitala uztartuz (“phygital”), industria kultural eta sortzaileak berrindartzeko. Vicomtechen teknologia artearen aliatu bihurtzeko lan egiten dugu, adierazpen, interakzio eta kulturarako sarbide modu berriak ahalbidetuz. Proiektuak arreta berezia jartzen du edukia demokratizatzean, kultura edonork eskuragarri izan dezan.
RESPONDENT proiektuak trantsizio energetikoaren erronka nagusietako bati erantzuten dio: nola integratu modu eraginkorrean energia berriztagarriak sare elektrikoan. Aurreikuspen eta sinkronizazio eredu aurreratuen bidez, Vicomtechek sare adimendunen egonkortasuna hobetzen laguntzen du, gizartearentzako energia-sistema erresilienteago eta jasangarriago baten alde eginez.
Gaur, maiatzaren 9a, Europako Eguna, une egokia da kontinente honen batasuna eta hazkundea eta lehiakortasuna bultzatzen duten eragile guztiak ikusarazteko eta aitortzeko. Konpromiso horri Vicomtech duela 25 urte batu zitzaion, eta ikerketaren eta berrikuntzaren alorrean gure jarduna gidatzen jarraituko du etorkizunean ere.