Vicomtech eta Intempora: Etorkizuneko mugikortasunerako lankidetza

23.05.2025

Argi eta garbi ikusten da mugikortasun eta logistika eredu berriak etengabe eraldatzen ari direla gaur egun. Etorkizuneko mugikortasuna gaur eraikitzen da, eta hori posible da ikuspegi bera partekatzen duten teknologia-erreferenteen arteko lankidetzari esker: seguruagoa, eraginkorragoa eta adimentsuagoa.

Vicomtech eta Intempora arteko aliantza adibide garbia da zentro teknologikoen eta enpresen arteko lankidetzak mugikortasun autonomorako soluzio digital eta aurreratuen garapena nola bultzatu dezakeen. Elkarrekin, berrikuntza errealitate bihurtzeko lan egiten dugu, adimen artifiziala, ingurumenaren pertzepzioa eta erabakiak denbora errealean hartzea integratzen duten teknologietan oinarrituta. Horiek guztiak funtsezkoak dira etorkizuneko mugikortasunerako.

Vicomtechek 2015ean hasi zuen bere ibilbidea, automobilgintzan eta datuen pertzepzio eta prozesamenduan oinarritutako ikerketa-proiektu europarretan. Proiektu horietan, Sistema Konektatu, Kooperatibo eta Autonomoen taldeak software-plataforma baten beharra zuen, hainbat kameretatik, ordenagailuetatik, sentsoreetatik eta antenetatik zetorren garapena erraz integratzeko aukera emango ziona.

Intemporak aukera hori eskaintzen zuen RTMaps softwarearen bidez: sentsore eta algoritmo desberdinak koordinatzeko gai zen, eta plataforma gisa funtzionatzen zuen, Vicomtechek bere ikerketa azkarrago garatu ahal izateko. “Haiek software hornitzaile gisa eta gu ikertzaile gisa, berehala ulertu genuen elkar. Urte horietan proiektuetan estu lankidetzan aritu ginen eta harreman estua sortu zen, lagun onak bihurtzeraino”, azaldu du Marcos Nietok, Sistema Konektatu, Kooperatibo eta Autonomoen arduradunak.

Cloud-LSVA, VI-DAS eta 5GMETA proiektu europarrak, Vicomtechek rol nabarmena izan duenak, teknologia berriek mugikortasuna eta gidatze autonomoa nola eraldatzen ari diren erakusten duten adibide garbiak dira. Proiektu horietan guztietan, RTMaps middleware-a funtsezkoa izan da sentsore anitzetatik datozen datuen eskurapenean, sinkronizazioan eta denbora errealeko prozesamenduan, mugikortasun aurreratuko soluzioen garapenerako tresna nagusi bihurtuz.

Gainera, Vicomtech-eko ikertzaileen hitzetan, RTMaps middleware gisa aritzeak aukera eman die emaitzak lortzeko, euren kabuz eginda behar izango luketena baino denbora gutxiagoan, eta horrek lan egiteko moduan paradigma-aldaketa ekarri du: gaitasunak indartu eta emaitza hobeak eta azkarrago lortuz.

RTMaps tresna giltzarri bihurtu da Vicomtech-en ez bakarrik software osagaien garapena eta integrazioa errazteko ingurune konplexuetan, baita ere balio handiko baliabide gisa prestakuntzarako, ikaskuntzarako eta ikerketa aplikaturako. “Vicomtech-en nire Master Amaierako Lana egiten hasi nintzenean, lehenengo zereginetako bat RTMaps-i buruz ikastea izan zen, nire garapenak bere framework-ean integratu ahal izateko. RTMaps-ek ikasketa-kurba txiki bat dauka, baina hori gaindituta, software osagaien garapena eta testatzea asko errazten du. Nire kasuan, ordenagailuan garatutako modulua ibilgailuan inplementatu eta denbora errealean funtzionatzen zuela ikustea izugarri harritu ninduen”, azaldu du Mikel Garcíak, Sistema Konektatu, Kooperatibo eta Autonomoen taldeko ikertzaileak.

Izan ere, ohikoa da RTMaps-i esker prestakuntzan dauden profil teknikoek beren moduluak benetako ibilgailu batean martxan ikustea modu arin eta eraginkorrean. Horrek motibazioan eta sistema konplexuak praktikoki ulertzeko gaitasunean eragin handia du. Sarri, esperientzia horrek Master Amaierako Lanak edo Doktorego Tesien garapenerako oinarri ere balio izaten du, Mikelen kasuan bezala.

Intemporarentzat, “Vicomtechek duen gaitasuna seinaleen eta irudien prozesamenduan, baita egoera askotan puntako algoritmoak garatzeko, probatzeko eta erabiltzeko duen ahalmena ere, harrigarria da. Bi mundutan dute oin bat: ikerketan eta industrian. Denbora luzez elkarlanean aritu gara, eta beti emaitza bikainak lortu ditugu. Denbora gutxian lor dezaketen guztia sinestezina da! Haien algoritmo propioak gure webgunean argitaratzeaz gain, Vicomtech gure Intempora-ren teknologia-bazkide pribilegiatu gisa proposatzea erabaki genuen; urrats naturalena zen. Gurekin batera izatea zoragarria da!”, adierazi du Gwenaël DUNAND-ek, Intemporako CTO-ak.

Eta, ikuspegi tekniko eta operatibotik harago, azken 10 urte hauetan, Intempora aliatu estrategiko bihurtu da Vicomtech-en jardueran mugikortasun adimendunaren esparruan. Denborarekin, kolaboratzaile izatetik bidaide eta lagun izatera pasa dira, erronka teknologikoak ez ezik, balioak, ikuspegia eta etorkizuneko mugikortasunerako elkarrekiko konfiantza partekatzen dituzten lagunak.

Vicomtech

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea,
Mikeletegi Pasealekua 57,
20009 Donostia / San Sebastián (Espainia)

+(34) 943 309 230

Zorrotzaurreko Erribera 2, Deusto,
48014 Bilbo (Espainia)

close overlay

Jokaeraren araberako publizitateko cookieak beharrezkoak dira eduki hau kargatzeko

Onartu jokaeraren araberako publizitateko cookieak