Minbiziaren terapia eta diagnosirako nanopartikuletan oinarritutako teknika berriak
NANOTHER
Iraupena:
01.09.2008 - 31.08.2012
Nanoteknologia hastapenetan dagoen ikerketa alorra da. Izan ere, oraindik, bere aplikazio asko eta asko, tartean medikuntzan izan dezakeen erabilgarritasuna, erabat aztertu gabe edota aurkitzeke daude. Horrela, nanomedikuntza izena eman zaion diziplinaren helburuetako bat minbiziaren tratamenduan erabili beharreko sendagai dosien efizientzia handitzea da. Horretarako, helburu diren minbizi zeluletara zehaztasunik handienaz zuzendu behar dira sendagaiak, egungo erradioterapia eta kimioterapia teknikekin inguruko ehunetako zelulek jasotzen duten eragin kaltegarria murriztuz. Izan ere, egungo sendagaien disolbagarritasun mugatua eta zehar-ondorioak baitira minbiziaren aurkako sendagaien eragozpenik handienak.
NANOTHER proiektua IK4 Research Alliance klusterrean Vicomtech-IK4en bazkide den GAIKER-IK4 erakundeak koordinatzen du. NANOTHER azken urteetan minbiziaren tratamenduaren alorrean ikusi izan den proiekturik aipagarrienetakoa da. Ikerketa alor ezberdinetako puntako hemezortzi erakunde europarrek parte hartzen dute bertan. Aipatzekoak dira, besteak beste, CIC BioGUNE Biozientzietako Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroaren eta DOMINION PHARMAKINE eta PharmaMar S.A.U. farmazia munduko enpresen partaidetza. Nazioartean ondokoek hartzen duten parte proiektuan: AHAVA- Dead Sea Laboratories Ltd. (Israel), ALMA Consulting (Frantzia), Argus Chemicals srl (Italia), COLOROBBIA Italia S.p.A. (Italia), Consorzio Interuniversitario Nazionale per la Scienza e Tecnologia dei Materiali (Italia), École Nationale Supérieure de Chimie et de Physique de Bordeaux (Frantzia), FeyeCon Development & Implementation B.V. (Herbehereak), hameln rds a.s. (Eslovakiar errepublika), Atenaseko Teknologi Institutu Nazionala (T.E.I. Athens) (Grezia), Joint Research Centre (JRC, Europako Batzordea) (Belgika), NuovoProbe Ltd. (Erresuma Batua), Tel-Aviveko Unibertsitatea (Israel) eta Université Victor Segalen, Bordeaux 2 (Frantzia).
NANOTHERrek mota bitako partikula sintetikoen erabilpena aurreikusten du: nanopartikula polimerikoak eta nanopartikula magnetikoak.
NANOTHER ekimenean sortu nahi diren nanopartikulen sintesirako teknologia kimiko ezberdinak erabiliko dira; nanopartikulei antigorputzak atxikitzeko teknologia biokimikoak erabiliko dira; eta garatuko diren nanogarraiatzaileen funtzionamendua egokia den ala ez zehazteko, biologia zelularraren alorreko teknika berriztatzaileak erabiliko dira.
Vicomtech-IK4 taldeak proiekturako garatuko diren nanopartikulen laborategiko in-vivo ezaugarritze eta balioztatzean hartuko du parte, MRI eta SPECT/PET irudigintza tekniken bidez lortutako irudien analisia burutuz.
Proiektuaren web orria: http://www.nanother.eu
Zure hurrengo proiekturako kide bila zabiltza? Idatz iezaguzu, laguntzeko irrikan gaude.