Ikusmen murriztuko oinezkoentzako gida-laguntza sistema pertsonala
ARGUS
Iraupena:
01.10.2011 - 31.07.2014
Satelite bidezko nabigazio sistema gehienek, gaur egun, interfaze grafiko edo ahots deskribapen bidez eskaintzen dute informazioa baina modu horiek ez dira egokiak ikusmen arazoak dituzten pertsonentzat edota ahots aginduek kanpoko soinuak ondo jasotzea eragotzi dezaketen kasuetan. ARGUS sistemaren erronka, erabiltzaile-interfaze aurreratuenak integratzean datza, seinale akustiko eta haptiko berritzaileek erabiltzaileari bere pertzepzio eta operazio arruntean ahalik eta gutxien eragin diezaioten, jarraitu beharreko ibilbidearen 3 dimentsioko mapa mentala eskaintzen dioten bitartean modu autonomoan mugitzeko. ARGUS-ek oinezkoa bide seguru batetatik gidatuko du, bidean zehar topa ditzakeen arriskuez ohartaraziz eta bide seguru horretatik ez dela desbideratzen zainduz. Nabigazio sistemaz gain, ibilbideak sortzeko on-line zerbitzuak eta ingurune kolaboratibo eta sare sozialak eskaintzen ditu sistemak, ibilbideak, interes puntuak eta esperientziak elkar banatu daitezen.
Soinu binauralek, aurikular estereoen bidez, soinua distantzia eta norabide zehatzetatik datorren ilusioa sortzen dute, diferentzia interauraletan oinarrituta (belarri batetik bestera jasotako soinuaren denbora atzerapen eta anplitude diferentziak). Honek erabiltzaileari 3D posizionamendu soinua jasotzea ahalbidetzen dio, jarraitu beharreko ibilbidea deskribatzeko erabili daitekeena (une oro GNSS bidez kontrolatua).
ARGUS proiektuko partaideek proba sakonak egin dituzte, ikusmena mugatua den egoeratan, soinu bidez norabide eta distantzia zentzua zuzentasunez adieraztea posible dela frogatzeko. Ikusmen arazoak dituen jendea eta larrialdi eta salbamendu taldeetako partaideak gonbidatu dira proiektuaren baitan probak egitera, aurikular ezberdinak probatuz ondorengo helburuekin: 1) Erabiltzaileen onarpena ebaluatzea soinu pertzepzio, entzumen globalaren ez-eragozpen eta erosotasunari dagokienean. 2) Soinu binauralak eta ibilbideen pertzepzioari buruzko iritziak amaierako erabiltzaile zuzenengandik jasotzea. Mugimenduan dauden iturrietatik jasotako soinu binaural ezberdinak sortu dira horretarako.
Emaitzak oso itxaropentsuak izan dira. Erabiltzaile gehienek ondo sentitu eta ulertu ahal izan dute 3D soinuko informazioa, eta berretsi egin dute gidatze modu berritzaile hau beraientzat onuragarria izan daitekeela.
Proiektuaren lehen urtean zehar, sistemaren espezifikazio teknikoak definitzearekin erlazionatutako lan atazak burutu dira, erabiltzaileen eskakizunak eta eskakizun funtzionalak aztertuz. Horrez gain, ARGUS sistema osoaren arkitektura eta barne moduluak diseinatu dira, eta modulu batzuen garapena hasi ere bai. Zehatzago, proiektuan burutu beharreko lanen artean, gailu eramangarriaren hardwarea eta softwarearen diseinua eta garapena, ibilbideak sortzeko aplikazio zerbitzuen plataforma eta aukera aurreratuak eskainiko dituzten informazioa kudeatzeko moduluak eta sare soziala dira aipagarri. Nabigaziorako gida-laguntzaren probaketa bat burutu da dagoeneko, azken erabiltzaileekin, satelite seinaleak, ibilbideak eta soinu binauralak konbinatzen dituen lehen aurre-prototipoarekin. Erabiltzaileen esanetan, oso gustura geratu dira soluzioaren gidatze ahalmena, sinpletasuna eta kanpoko soinuekiko eragozte-eza direla eta.
Paraleloki, proiektuaren zabalkunde edo difusio ekintzak burutu dira eta burutzen jarraituko dira aurrerantzean. Adibidez, Schwechat (Austria)-ko Real Corp 2012-en aurkeztu da proiektua maiatzaren 14tik 16ra. ARGUS sare sozialetan:
Twitter
Facebook
Linkedin
Zure hurrengo proiekturako kide bila zabiltza? Idatz iezaguzu, laguntzeko irrikan gaude.