Bazkaria proiektua: Vicomtech eta Mugaritz elkarrekin mahaikidetasuna berrasmatzen, telepresentziaren bidez

03.02.2026

Posible al da bazkari batean lagunduta sentitzea beste pertsona beste hiri batean dagoenean? Teknologiak mahaia partekatzearen berezko keinuak, elkarrizketak eta erritmoak erreproduzi ditzake? Galdera horiei erantzuteko jaio da Bazkaria proiektua, teknologia giza esperientzia unibertsalenetako baten zerbitzura jarriz: elkarrekin jatea.

Mugaritz jatetxeak eta Vicomtech Zentro Teknologikoak bultzatutako proiektuak telepresentzia sistema aurreratuak eta errealitate mistoa uztartzen ditu, testuinguru honetarako bereziki diseinatutako proposamen gastronomiko batekin. Ohiko bideodei bati jarraitu beharrean, Bazkariak espazio hibrido bat sortzen du, non mahaikideek elkar beraien ingurune berean baleude bezala hautematen duten elkar, ahotsaz gain gorputzaren, keinuaren eta bazkariaren erritmoaren bidez ere elkarreraginean arituz.

Guztira berrogeita hamar lagunek egiaztatu ahal izan zuten teknologiak eta goi-mailako gastronomiak nola bat egiten duten telepresentzian oinarritutako esperientzia gastronomiko batean. Gehienek azpimarratu zuten ingurune murgiltzailera egokitzapen azkarra. Hasierako esplorazio-aldi labur baten ondoren, teknologia bigarren plano batera pasatzen da, eta arreta elkarreraginean eta partekatutako esperientzian jartzen da. Parte-hartzaileetako batek honela adierazi zuen: “Hasieratik bertatik, haren silueta ikusi dudan momentutik, mahaia elkarrekin partekatzen ariko bagina bezala izan da”.

Balorazio onena jaso duen alderdietako bat platerak eta iruzkinak denbora errealean partekatzeko aukera izan da, elkarrizketa espontaneoak eta benetako esperientzia soziala sortuz. Areto-langileekiko interakzioak —ingurune birtualean ere integratua— espazio bera partekatzen ari direla sentiarazten du, esperientzia koherente eta naturala indartuz.

Bazkariak ez ditu soilik harremanak urrutitik izateko modu berriak aztertzen; esperientzia gastronomikoa esperimentazio sentsorial eta emozionalerako espazio gisa birpentsatzeko aukera ere irekitzen du. Parte-hartzaileen ustez, proposamenak teknologiaren izaera berritzailea eta goi-mailako esperientzia gastronomiko bati loturiko emozioa, sorpresa eta hausnarketa uztartzea lortzen du.

Proiektua Vicomtech-en VHOLO teknologian oinarritu da, bere telepresentzia murgiltzaileko soluzioan. Prozesu iteratibo eta sorkuntza partekatuaren bidez, teknologia erabilera-kasuaren beharretara eta Mugaritz jatetxean egindako inplementazio-espaziora egokitu zen. Prozesu osoan zehar etengabeko ebaluazioak egin ziren, sistemaren datuak eta erabiltzaileen iritzia uztartuz.

Sistema puntu-hodeietan oinarritutako bideo bolumetrikoan oinarritzen da; teknologia honek kamera anitzen kolore- eta sakonera-informazioa uztartzen du hiru dimentsiotako hologramak sortzeko. Kasu honetan, mahaiko bi RGBD kamera erabili ziren, eta haien informazioari esker erabiltzailea, janaria eta bestelako elementu garrantzitsuak irudikatzen zituen puntu-hodeia berreraiki ahal izan zen.

Proiektu honekin, Vicomtech-ek eta Mugaritzek erakusten dute teknologia murgiltzaileen ikerketak eguneroko bizitzan eragin zuzena izan dezakeela, presentzia fisikoa beti posible ez den testuinguruetan giza konexioa mantentzeko alternatibak eskainiz. Mahaikidetasunak —elkarrekin jatearen ekintza kultural eta sozialki esanguratsua— konexioa, pertenentzia-sentimendua eta esanahi partekatuen sorrera sustatzen ditu. Elkarrekin jateak, bakarrik edo pantailen aurrean egitearen aldean, osasunean eta ongizatean eragin positiboak dituela frogatu da.

Bazkaria SPIRIT proiektuaren azpiproiektu gisa kokatzen da; Europako ikerketa-ekimen honek telepresentzia eta errealitate hedatuaren teknologiak erabiliz urrutiko interakzio sozialerako modu berriak aztertzen ditu.

*Argazkia Belén de Benito
Vicomtech

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea,
Mikeletegi Pasealekua 57,
20009 Donostia / San Sebastián (Espainia)

+(34) 943 309 230

Zorrotzaurreko Erribera 2, Deusto,
48014 Bilbo (Espainia)

close overlay

Jokaeraren araberako publizitateko cookieak beharrezkoak dira eduki hau kargatzeko

Onartu jokaeraren araberako publizitateko cookieak