Web 4.0 eta Mundu Birtualen etorkizunerako Europako agenda estrategikoa gidatuko du Vicomtech-ek
Europako Batzordeak bultzatutako agenda estrategiko baten prestakuntza koordinatuko du Vicomtech-ek, datozen urteetarako Web 4.0 eta Mundu Birtualen arloko ikerketa- eta berrikuntza-lehentasunak zehazteko.
30.09.2026
Europa aurrera egiten ari da Mundu Birtualen eta Web 4.0ren garapenerako esparru komun bat definitzeko bidean, eta Vicomtechen esku utzi du Web 4.0ren Europako Agenda Estrategikoaren koordinazioa. Ekimenak Europako enpresak, zentro teknologikoak eta unibertsitateak biltzen ditu, bakoitzak dituen gaitasun osagarriekin, ingurune digital berri horien bilakaera markatuko duten teknologiak eta ikerketa-ildoak identifikatzeko.
Proiektua 2026ko maiatzean hasi zen, eta hiru urteko iraupena izango duela aurreikusten da. Proiektuaren helburua ez da teknologia jakin bat garatzea, baizik eta Europako komunitate zientifiko eta teknologikoaren gaitasunak lerrokatzea eta lehentasun komunak ezartzea, Europako Batzordearen datozen ikerketa- eta finantzaketa-programetarako.
Helburu nagusietako bat Europak bultzatu nahi duen Mundu Birtualen eredua definitzea izango da. Plataforma pribatuen mende dauden beste ekosistema digital batzuek ez bezala, Europako Batzordeak ekosistema europar ireki, elkarreragingarri eta seguru baten aldeko apustua egin du. Testuinguru horretan, Web 4.0k azpiegitura gaitzaile gisa jardungo du.
Agenda estrategikoaren lehen bertsioa 2027ko apirilerako aurreikusita dago, eta hurrengo bi urteetan eguneratzen jarraituko da, adituen komunitatearekin lankidetzan. Haren emaitzek arlo horretako etorkizuneko Europako ikerketa-, inbertsio- eta finantzaketa-lehentasunak bideratzen lagunduko dute.
Vicomtechentzat, Koordinazio eta Laguntza Ekintza (CSA) hau Mundu Birtualen, Errealitate Hedatuaren eta Web 4.0ren arloan egindako ikerketa aplikatuko ibilbideari gehitzen zaio. Agenda estrategiko hori gidatzeak, gainera, Vicomtech erreferentziazko eragile gisa kokatzen du Mundu Birtualen eta Web 4.0ren Europako ekosisteman.
Aldi berean, ekimenak aukera emango dio zentro teknologikoari arlo horri lotutako etorkizuneko ikerketa- eta berrikuntza-aukerak euskal teknologia-ekosistemara hurbiltzeko eta Europako lantaldeetan parte hartzea errazteko.


