Vicomtech-ek eta Tecnun-ek prestakuntza eta ikerkuntzaren arloko lankidetza indartu dute

02.10.2026

Akordioak bi erakundeek aspalditik duten harremana sendotzeko eta formakuntza, ikerketa eta ezagutzaren transferentziaren arloetan ekimen bateratu berriak garatzeko esparrua ezartzen du.

Lankidetzaren ardatz nagusietako bat Vicomtechen ikerketa aplikatuaren jarduera Tecnuneko ikasleengana hurbiltzea izango da, ikerketa-zentro teknologiko batean egiten den lana lehen eskutik ezagutzeko aukera izan dezaten. Testuinguru horretan, Vicomtecheko profesionalek eta ikertzaileek parte hartuko dute graduko eta masterreko mintegietan, eta mentoretza teknologikoko jardueretan ere lagunduko dute.

Akordioak, halaber, ikasleek Vicomtechen instalazioetara bisitak egitea eta zentro teknologikoak Tecnunen Formula Student programarekin lankidetzan aritzea aurreikusten du. Ekimen horien bidez, etorkizuneko profesionalek teknologia digitalak eta industriaren egungo erronkei ematen zaizkien aplikazioak gertutik ezagutzeko aukera izango dute.

Lankidetza ikerketaren arlora ere hedatuko da. Vicomtechek eta Tecnunek I+Gko proiektu bateratuak garatu, Unibertsitatea-Enpresa deialdietan parte hartu eta doktorego-tesien garapenean elkarlanean aritzeko aukera izango dute, baita interes komuneko beste ekimen batzuk sustatzekoa ere. Horrela, akordioak bi erakundeen ikerketa-gaitasunak lotzeko eta interes teknologikoko arloetan ezagutza aplikatua sortzeko aukera berriak zabalduko ditu.

Vicomtechentzat, lankidetza horrek unibertsitate-ingurunearekiko loturak indartzen eta teknologia digitaletan espezializatutako talentu berria garatzen laguntzen du. Era berean, ikasleei ikerketa aplikatuko ingurune batean esperientzia izateko aukera ematen die, prestakuntza akademikoa osatu eta berrikuntza teknologikoarekin lotutako aukera profesionalak ezagutzeko.

Akordioak, beraz, akademiaren eta ikerketa aplikatuaren arteko lotura sendotzen du, eta prestakuntza profesionalari eta lurraldeko berrikuntza teknologikoari lagunduko dioten ekimen bateratu berriak garatzeko esparrua ezartzen du.

Vicomtech

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea,
Mikeletegi Pasealekua 57,
20009 Donostia / San Sebastián (Espainia)

+(34) 943 309 230

Zorrotzaurreko Erribera 2, Deusto,
48014 Bilbo (Espainia)

close overlay

Jokaeraren araberako publizitateko cookieak beharrezkoak dira eduki hau kargatzeko

Onartu jokaeraren araberako publizitateko cookieak