Vicomtech-ek eta Grupo Uncetak ML Humanoids sortu dute robotika humanoidea industriara hurbiltzeko
Vicomtech-ek eta Grupo Uncetak ML Humanoids enpresa berria sortu dute, robotika humanoidea eta kolaboratiboa industriara eramateko eta ekoizpen-prozesuetan txertatzea errazteko. Ekimenak Vicomtech-ek adimen artifizialean eta robotikan duen esperientzia teknologikoa eta Grupo Uncetak industrian duen ibilbidea uztartzen ditu, teknologia horiek enpresen benetako beharretara egokitzeko.
16.10.2026
Robotika humanoidea azkar ari da aurrera egiten, eta gero eta aukera gehiago eskaintzen ditu industria-inguruneetako zereginak automatizatzeko. Hala ere, aurrerapen horiek ingurune errealetara eramateak azken belaunaldiko robotak edukitzea baino askoz gehiago eskatzen du, haien gaitasunak aplikazio bakoitzera egokitu eta lan-prozesuetan integratu behar dira.
Erronka horri erantzuteko sortu da ML Humanoids. Enpresa berriak robot humanoideak eta kolaboratiboak industrian erabiltzea erraztuko du, haien gaitasunak enpresa bakoitzaren beharretara egokituz, softwarea eta adimen artifizialean oinarritutako soluzioak garatuz. Horrez gain, integrazio-, mantentze- eta eguneratze-zerbitzuak eskainiko ditu, enpresa bakoitzaren beharretara egokitutako soluzioak eskaintzeko.
Enpresa berriak bi bazkideen gaitasun osagarriak batzen ditu. Vicomtech-ek adimen artifizialean, pertzepzioan eta robotikan duen ezagutza teknologikoa jartzen du, eta Grupo Uncetak, berriz, bere industria-esperientzia eta enpresen errealitatearen ezagutza.
Fabrikazio aurreratua, automozioa eta logistika bezalako sektoreek teknologia horien onura jasoko dituzte, aplikazio berriak garatu eta ezarri ahala.
ML Humanoids sortuta, Vicomtech-ek bere lana eta esperientzia eskaintzen jarraitzen du ezagutza transferitzeko eta teknologia aurreratuak industriaren erronketara aplikatzeko.


