LandaGO, landa-eremuetako mugikortasun autonomoaren etorkizuna eraikitzen
LandaGO proiektuak landa-eremuetara egokitutako gidatze autonomoko teknologiak garatu eta baliozkotzen ditu, etorkizuneko mugikortasun-eredu berriei bidea irekitzeko.
Erronka
Landa-eremuek mugikortasunaren arloan erronka bereziak dituzte. Biztanleria sakabanatuta egoteak, dentsitate txikiak eta garraio publikoaren eskaintza mugatuak zaildu egiten dituzte bertan bizi diren pertsonen eguneroko joan-etorriak.
Hala ere, gidatze autonomoa landa-ingurunera eramatea ez da hiri-ingurunean ezartzea bezalakoa. Errepide estuak, malda handiak, bihurgune itxiak, eguraldi-baldintza aldakorrak eta oinezkoen, txirrindularien nahiz animalien ohiko presentziak erronka teknologiko handia dira, eta egoera konplexu horietan segurtasunez jarduteko gai diren teknologiak garatzea eskatzen dute.
Testuinguru horretan sortu da LandaGO, Gipuzkoako Foru Aldundiak, MUBILek eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimena. Vicomtech, Eurogap eta BasqueCCAM erakundeek osatutako partzuergo teknologikoarekin elkarlanean, landa-eremuaren beharretara egokitutako mugikortasun autonomoko eredu berri bat ikertu eta baliozkotzea du helburu.
Proposatutako soluzioa
icomtech landa-errepideetan ibilgailu autonomoek segurtasunez zirkulatzeko beharrezkoak diren teknologiak garatu eta baliozkotzearen arduraduna da.
Hori lortzeko, zentro teknologikoa kameretan, LiDAR sentsoreetan, radarretan eta doitasun handiko kokapen-sistemetan oinarritutako ingurunea hautemateko sistema aurreratuak integratzen ari da ibilgailu autonomoetan, inguruan gertatzen den guztia denbora errealean interpretatzeko. Era berean, konektagarritasun adimenduneko soluzioak eta V2X komunikazio-teknologiak garatzen ditu, ibilgailuaren, azpiegituraren eta kontrol-zentroaren arteko informazio-trukea denbora errealean ahalbidetuz, funtzionamendu seguruagoa eta eraginkorragoa lortzeko.
Proiektuaren garapen teknologiko nagusietako bat urruneko gainbegiratze- eta operazio-sistema da. Sistema horri esker, ibilgailuaren jarduera une oro monitorizatu daiteke, eta beharrezkoa denean urrutitik kontrolatu. Horrez gain, Vicomtechek proba-ibilbidearen biki digitala garatu du; hots, ibilbidearen erreprodukzio birtuala, operazioaren jarraipena eta garatutako teknologien baliozkotzea errazten dituena.
Probak Abaltzisketa eta Amezketa lotzen dituen ibilbidean egiten ari dira. Ingurune horrek Gipuzkoako landa-errepideetako egoerarik zorrotzenetako batzuk biltzen ditu, eta teknologia benetako zirkulazio-baldintzetan baliozkotzeko aukera ematen du.
Emaitza
LandaGO baliozkotze teknologikoaren fase aurreratuan dago gaur egun. Lehen fasean, landa-eremuetan gidatze autonomoa ezartzeko bideragarritasuna aztertu eta beharrezko eskakizun teknikoak zehaztu ziren. Gaur egun, proiektuak aurrera egiten du gidatze autonomo gainbegiratua, urruneko kontrola, konektagarritasun adimenduna eta denbora errealeko monitorizazioa baliozkotzeko.
Saiakuntza-kanpainetan zehar, ibilgailuaren portaerari, komunikazioen kalitateari, ingurunearen hautemateari eta gainerako bide-erabiltzaileekin duen elkarrekintzari buruzko datuak biltzen ari dira. Informazio hori funtsezkoa izango da algoritmoak hobetzen jarraitzeko eta teknologia landa-eremuen ezaugarri berezietara egokitzeko.
LandaGOren helburua ez da epe laburrean garraio autonomoko zerbitzu komertzial bat martxan jartzea; baizik eta, etorkizunean horrelako soluzioak segurtasunez ezartzeko beharrezko ezagutza eta ebidentzia teknologikoa sortzea da.
Lortutako emaitzek landa-eremuetarako mugikortasun autonomoko eredu berriak garatzeko oinarriak ezarriko dituzte. Gainera, proiektu honen bidez, Gipuzkoa erreferentziazko ingurune gisa finkatzen ari da, Europan eta munduan gidatze autonomoko teknologiak ikertzeko, baliozkotzeko eta frogatzeko.
Zure hurrengo proiekturako kide bila zabiltza? Idatz iezaguzu, laguntzeko irrikan gaude.


