Vicomtechek energia-sistema adimentsuago baterako funtsezko teknologiak garatzen ditu
Vicomtechek indartu egin du energia digitalaren arloko jarduera, adimen artifizialean, datu-analisian eta simulazio aplikatuan oinarritutako teknologia aurreratuak garatuz, energia-sistema eraginkorragoak, erresilienteagoak eta jasangarriagoak eraikitzen laguntzeko.
28.05.2026
Vicomtechek energia-sistema adimentsuago baterako funtsezko teknologiak garatzen ditu
Eredu energetikoa eraldatzeko arrakasta gero eta gehiago lotuta dago sistema eraginkorragoak eraikitzeko gaitasunari.
Testuinguru horretan kokatzen da CDTIk “Misiones 2026” deialdiaren ildoak argitaratu izana. Ekimen horren helburua enpresen I+G proiektuak bultzatzea da, energia-sistema egonkor eta erresiliente baterantz aurrera egiteko beharrezkoak diren erronka nagusiei erantzuteko. Hori dela eta, Vicomtechek indartu egin du Energia Digitalaren arloan duen jarduera, Adimen Artifizialean, datuen analisian eta simulazio aurreratuan oinarritutako teknologiak garatuz.
Energia berriztagarrien erabileraren hazkundeak eta industriaren elektrifikazioak energia ekoizteko, kudeatzeko eta kontsumitzeko modua aldatu dute. Aldaketa horrek tresna eta soluzio berriak eskatzen ditu, jokabideak aurreikusteko, baliabideak optimizatzeko eta gero eta interkonektatuagoak dauden azpiegituren egonkortasuna bermatzeko gai direnak.
Teknologia aurreratua energia-sektoreko erronka berrien zerbitzura
Vicomtechen lana garatutako gaitasun teknologikoak energia-sektoreko benetako arazoetara aplikatzea da. Horretarako, eskariaren eta energia berriztagarrien ekoizpenaren aurreikuspen-sistemak garatzen ditu (forecasting eredu aurreratuetan oinarrituak), baita azpiegitura konplexuen portaera aztertzeko digital twin sistemak eta simulazio multfisikoak ere.
Halaber, anomaliak goiz detektatzeko adimen artifizialean oinarritutako algoritmoak aplikatzen ditu, azpiegituren fidagarritasuna eta jarraikortasuna bermatzeko. Horri gehitzen zaio sare elektrikoaren erresilientzia indartzeko lana, akats-egoera konplexuak identifikatu eta arintzeko gai diren ereduen bidez.
Gaitasun horiez gain, Adimen Artifizial Sortzailea eta hizkuntza-ereduetan oinarritutako laguntzaile adimendunak integratu dira, sistema konplexuekiko interakzioa erraztera eta erabakiak denbora errealean hobeto hartzera bideratuak.
Emaitza errealak dituzten gaitasunak
Ikerketa aplikatuan duen esperientziari esker, Vicomtechek garatutako teknologiak benetako inguruneetan txertatu ahal izan dira, energia-eraginkortasunarekin eta azpiegitura adimendunen kudeaketarekin lotutako emaitza esanguratsuak lortuz.
Horien artean daude energia-aurreikuspen ereduak, %4 inguruko errore-mailekin lan egiteko gai direnak aurreoperazio faseetan; eta simulazio-eredu aurreratuak, optimizazio-prozesuak ohiko metodoekin alderatuta milaka aldiz bizkortzeko gai direnak.
Azken batean, helburua ez da soilik teknologia garatzea, baizik eta energia-sistema sendoagoak, jasangarriagoak eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest daudenak eraikitzen laguntzea.
Lankidetzara irekita dagoen ekosistema
“Misiones 2026” programaren helburuekin bat eginez, Vicomtechek industria-beharretara konektatutako ikerketaren aldeko apustua sendotzen jarraitzen du, eta I+G proiektuetan punta-puntako teknologiak integratu nahi dituzten erakundeekin lankidetza aukerak aztertzeko prest dago. Helburua ezagutza teknologikoa eta berrikuntza konbinatuz, trantsizio energetikoan eta emisio baxuko eredu baterako bidean aurrera egitea da.


