Euskarazko albisteak automatikoki sinplifikatzeko lehen sistema publikoa garatu dute Vicomtechek eta TOKIKOMek
Urtebete baino gehiagoko elkarlanaren ondorioz, tresna berriak hizkuntza naturala prozesatzeko teknologia erabiltzen ditu, kazetaritza edukien bertsio sinplifikatuak sortzeko, tokiko informazioa euskara ikasten ari diren pertsonei gerturatzeko helburuarekin
02.06.2026
TOKIKOMek eta Vicomtechek euskarazko albisteak automatikoki sinplifikatzeko lehen sistema publikoa garatu dute. Adimen artifizialean oinarritutako tresna honek kazetaritza-edukiak hizkuntza eskuragarriago batera egokitzea du helburu, jatorrizko testuaren funtsezko informazioa galdu gabe.
TOKIKOM Plataforman integratutako hainbat hedabidetan eskuragarri dago jada tresna, eta euskara ikasten ari diren pertsonei gaurkotasuneko informaziorako sarbidea erraztea du helburu, tokiko hedabideek sortutako edukien irismena zabaltzen lagunduz.
Sistemak automatikoki aztertzen du albiste bakoitza, bere ideia nagusiak identifikatzen ditu, eta euskara xumeagoan idatzitako bertsio berri bat sortzen du, jatorrizko testuaren esanahia eta funtsezko informazio-elementuak mantenduz.
Tresnaren garapena TOKIKOMek eta Vicomtechek elkarrekin egindako urtebetetik gorako lanaren emaitza da. Denbora horretan, bi taldeek ikuspegi teknologiko desberdinak landu dituzte, edukia sinplifikatzean beti informazioaren zehaztasuna bermatzeko, hori baita adimen artifizialeko ereduetan oinarritutako aplikazio horiek izaten duten erronka nagusietako bat.
Thierry Etchegoyen Vicomtecheko ikertzaileak sistemaren garapenean parte hartu du Jesús Callejarekin batera, eta erronka garrantzitsuenetako bat tresnak jatorrizko informazioa leialtasunez mantentzea izan dela azpimarratu du. “Gaur egungo hizkuntza ereduek testua sortzeko gaitasun handia dute, baina funtsezkoa da jatorrizko edukia aldatuko duen interpretaziorik edo aldaketarik ez dutela sartuko bermatzea”, azaldu du.
Kontu honek garrantzi berezia hartzen du kazetaritza bezalako esparru batean. Horregatik, alderdi horiek bereziki landu behar izan dira, bertsio sinplifikatuek informazioaren zehaztasuna eta zorroztasuna mantentzen dituztela bermatzeko.
TOKIKOMetik azpimarratu dutenez, ekimen honen helburua ez da tokiko hedabideen eta kazetaritzako profesionalen lana ordezkatzea, baizik eta hizkuntza edo ulermen oztopoak aurki ditzaketen kolektiboei informazioa eskuratzea erraztuko dien bide osagarri bat eskaintzea. Hori dela eta, albiste sinplifikatuak argi eta garbi identifikatuta agertzen dira, eta kazetaritza-taldeek landutako edukietatik bereizten dira.
Sistema hori abian jartzea aurrerapauso bat da euskararako adimen artifizialaren aplikazioan, eta indartu egiten du Vicomtech eta TOKIKOMen arteko lankidetza, euskarazko informazioaren irisgarritasuna eta hedapena hobetzera bideratutako irtenbide berritzaile berriak garatzeko lanean.
Gaur egun, tresna eskuragarri dago TOKIKOM sareko hainbat tokiko hedabidetan, besteak beste, Goienan, ALEAn, GUKAn, Aiaraldean, Txintxarrin edota ERRANen.


